Euskara, elikadura-burujabetza eta auzolana bultzatzeko sortu genuen Errigora, Ager zonaldetik —hots, Nafarroa hegoalde eta erdialdetik— Euskal Herrira, bazterrak erdira tolesteko asmoz. Beti saiatu gara gure balioak izan zitezen gure ekintzen gidari, norbere ekintzak izaten baitira norbere balioen zuzentzaile. Orain, gure produktuak gure balioekin estuago lotzeko tresna sortu dugu: Errigora Balioak identifikatzailea.
Bertakotasuna
Lehengaien mapa
Identifikatzaileak ziurtatzen du produktuaren ekoizpenean erabiltzen diren osagai nagusiek Ager zonaldean dutela jatorria.
Bertakotasuna osagai nagusiarekin loturik dago, beraz. Hau da, gatza edo azukrea bezalako gehigarri hondarrekoak ebaluaziotik at utzi ditugu.
Lehengaien trazabilitatea jasota dago Autebaluazio Adierazpen Arduratsuen bidez eta, horri esker, jatorriaren mapa osatua eta eguneratua dugu.
Euskara
Identifikatzaileak ziurtatzen du produktua ekoiztu duen ekoiztetxean euskara normalizatzeko plana garatzen ari dela.
Apurka-apurka zabaltzen joan den euskararekiko konpromiso honek 2023rako ekoizle-talde guztia hartu du eta olio-errota, kontserba-etxe edo elaboratzaileen lantoki guztietan dute euskara plan bana.
Ekoizleen talde anitza dugu: tamainatik hasita, nork bere ezaugarriak, azpiegiturak eta baliabideak ditu, baita euskalduntze-prozesuarekiko abiapuntu propioa ere. Beraz, euskara-planek erritmo eta garapen ezberdina dute.
Auzolana
Identifikatzaileak ziurtatzen du produktua ekoiztu duen ekoizlea Errigorak antolatzen dituen auzolanetako partaide dela.
Kanpainetan banatzeko saskiak prestatzeko, badira ekoizleek nahitaez parte hartu beharreko auzolanak. Horietan eskulana edo lanerako bitartekoak jartzen dituzte.
Horiez gain, urtean zehar auzolan izendatzen ditugun hainbat borondatezko talde-lan ere izaten dira. Beste hauek hautazkoak dira ekoizleentzat, baina gutxienez bitan parte hartzen du bakoitzak.
Nekazariarekiko harremana
Identifikatzaileak ziurtatzen du produktuaren ekoizpenean erabiltzen den osagai nagusia landu eta bildu duen nekazariarekiko harremana bidezkoa izan dela.
Ekoizle batzuk aldi berean tranformatzaile edo elaboratzaile eta nekazariak dira. Baina, gehienetan, merkaturatzen dituzten produktuak elaboratzeko nekazari jakinei erosten diete lehengaia. Harreman hauetan gertuko eta elkarlaneko logikak nagusitzen dira: ez da bitartekaritzarik eta salerosten diren lehengaien kopuruak eta prezioak bi aldeen artean adosten dira.
Errigoraren baitako 23 ekoizleen (nekazal-lehengaien erosle diren trasnsformatzaileak eta elaboratzaileak) hitzez gain, nekazariena ere jasotzen dugu horren adierazle.
Ebaluazio dinamika
Urteroko ebaluazio dinamika
Lehenik, Errigora Balioak betzen ote dituen ziurtatzeko, produktu bakoitzaren Autoebaluazio Adierazpen Arduratsua betetzen du ekoizle bakoitzak urtero.
Jarraian, Ebaluazio Mahaiak autoebaluazio horien irakurketa egin eta balioak betetzen direla ziurtatzen den ebazten du. Irizpideak betetzen dituzten produktuen kasuetan, identifikatzailea etiketaratzen da.
Autoebaluaziorako Adierazpen Arduratsua
4 balioak —bertakotasuna, euskara, auzolana, nekazariekiko harremana— oinarri hartuta, 43 galderaz osatutako ebaluazioa da.
Ekoizleen jardunaren eta haien ohiko harremanen inguruko gardentasun-ariketa bat da adierazpena.
Ebaluazio Mahaia
Errigora Balioen egiaztapenerako tresna gisa sortu zen Ebaluazio Mahaia, urtetik urtera aldatzen diren ekoizle boluntarioz osatzen dena.
Funtzio nagusia Autoebaluazio Adierazpen Arduratsuaren diseinua eta eguneratzea da, eta dokumentu hauetatik jasotako informazioarekin ekoizle bakoitzaren argazkia balantzera ekartzea.